Gogoratzen nauzuenetan

Zeinek lortu du?

Idazlea/Escritora: Nerea Sarriegi Atienza

Ilustratzailea/Ilustradora: Alba Sistiaga Poveda

Lortu du. Ezkutatu da, gaur ere, itzalen atzean. Eskuak garbitu, korbata jantzi, kolonia bota, zapatak lotu eta kalera irten. Leihotik ikusten dut ataritik ateratzen. Bizilaguna topatu du, eta betiko irribarre zintzoarekin agurtu du. Honek erantzun, emazte eta alabarengatik galdetuz. “Dena ondo”, eguneroko gisan. Urruntzen den heinean lasaitasuna berpizten da etxean, logelako irratiaren bolumenak gora egiten duen bitartean. Irratia amak erabiltzen duen tresna da, entzun ez diezaiodan. Baina badaki iada entzun behar ez nituen gauza gehiegi entzun ditudala.

Gaur ere lortu du. Amorruz beteriko hitzen artean logelako irratia apurtu du eta, horrekin, amaren munduko ihesbidea. Atea itxi duenean, bizitzan lehen aldiz entzun dut erabateko isiltasuna etxean. Eta orduan jabetu naiz amak irratia pizteko duen obsesioak ezkutatzen duenaz. Mina ekiditeko bidea da, baztertzeko, lausotzeko eta ia ezabatzeko. Zenbaitetan, isiltasunak hitzek baino min handiagoa eragin dezake.

Gaurkoan ezberdina izan da. Logelatik entzun dut oihuka, amari gosaria egiteko eta arropa prestatzeko agintzen. Baina altxa denean, ez zegoen amaren arrastorik. Inoiz baino suminduago, etxetik irten da lanerako bidean. Ordubetera ama iritsi da, irrifarrez, irrati berriarekin. Piztu egin du, eskutik heldu nau eta dantzan hasi da. Ulertzen ez dudan disdira berezia du begietan. Baina ulertu dut ez dudala azalpenik behar.

Gaur tinbrea jo dute. Aitak ireki du atea, amak logelako atetik irrifar erdiz begiratzen duen bitartean. Bi gizonek eraman dute aita, bakoitzak beso batetik helduz. Atea itxi denean amak irratiaren bolumena igo du. Gaur, berak lortu du. Ausartu da. Bukatu da.