Gogoratzen nauzuenetan

Milaka izen ditu

Idazlea/Escritora: Onintza Irigoyen Azpitarte

Ilustratzailea/Ilustradora: Idoia Beratarbide Arrieta

Dastamena kendu zion lehenengo; ondorioz, ezin zezakeen bereiztu zerk zuen gatz gehiegi, zer zegoen gordinegi eta zer pasata, urduritasun zaprea zuen guztiak. Denbora gutxira usaimena ere ostu zion, soinean lurrun gehiegi zuen edo ez jakitea ezinezko bihurtuz, beldur usaia zuen denak. Gero, bai gauza leunek eta baita latzek ere deseroso sentiarazten zutela konturatzen hasi zen, ukimena ere lapurtzen ari zitzaionaren seinale. Entzumenaren txanda iritsi zen ondoren, pixkanaka isiltasuna ebatsi zion eta azkenean bakarrik zegoenean ere eroarazten zuten garrasiak entzuten zituen. Bukatzeko, ikusmenari esan behar izan zion agur, begiak irekitzean iluntasuna zen nagusi; beltzez margoturiko mundua zen berea. Hala, noraezak gidatzen zuen bere burua, bestelako errealitate batean murgiltzen zuen noraezak, eta etxeko lau pareten artean gordetzera bultzatzen zuen noraezak. Baina pareta hauek bere burua beharrean otsoaren gotorlekua babesten zuten, barruan gertatzen zena sekretu bihurtzen. Sarrerako atea entzuten zuen bakoitzean, hanken dar darrak lurrera jaurtitzen zuen eta bizilagunek gorputzak lurrarekin talka egitean sortzen zuen kolpe bera entzuten zuten gauero, baita ondorengo garrasi eta jipoiak ere. Guraso, lankide eta lagunek ere bazekiten etxeko hormek dagoeneko isildu ezin zuten sekretua, eta batzuk ez ikusiarena egitea nahiago izan arren, besteek laguntzea zuten helburu. Horregatik, egunero egunero eskua luzatzen zioten etxeko ate azpitik, baina berak ezin zituen ikusi, usaindu, ukitu, dastatu, ezta entzun, eta nahiz eta laguntzaz inguratuta egon, bakarrik sentitzen zen. Hala ere, ez pentsa honela bukatzen denik ipuina; bihotz oso ausarta baitzuen gure protagonistak, eta egun batean bularreko taupadek noraeza alderatu eta bere gorputzaren gidaritza hartu zuten. Egun hartan ateazpiko eskua indarrarekin eutsi zuen eta denbora luze bat igaro da hura askatu duen arte. Tarte horretan gurasoen hankak erabili behar izan ditu bereen dar darra eten ezin zuenean, eta lagunen sudurrek gogorarazi diote bereari zein ederra den euriaren usaia. Bizilagun, lankide eta historio honen protagonista izan ziren beste bihotz ausarten aho, esku, belarri, sudur, begi eta hanken beharra ere izan du askotan; eta azkenean lortu egin du. Bai, sarritan ezinezko iruditu bazitzaion ere lortu du, milaka aldiz erortzeko zorian sentitu bazen ere, lortu du, lortu du.