Gogoratzen nauzuenetan

Heziketa hazi

Idazlea/Escritora: Iñigo Legorburu Arregi

Ilustratzailea/Ilustradora: Iraitz Arabolaza Etxenagusia

Lortu du, neskatila izan arren, mutilen begietatik begiratzea. Berak lortu baino, lortuarazi egin diote. Laurak, 8 urte ditu baina ume baten heldutasuna gainditzea lortu du, helduek umeak bezala jokatzen dutela ikusteko.

Laurak, bere ikastetxea du bere mundu, baina bertan, gizartea den unibertso paraleloa bertan islatzen dela konturatu da.

Marra ikustezin batek banatzen du bere ikastetxeko patioa. Futboleko kantxan mutilak ari dira elkarri ostikoka, baina zauriak eta kolpe ikustezinak neskek jasotzen dituzte. Gizartearen zentraltasunarekin gertatzen den bezala, txoko batean ahazten dituzte neskak eta gehiegi keriarik ez egiteko eskatzen die gizonezko irakasleak: ez dezatela gehiegi hitz egin, ez daitezela gehiegi nabarmendu, ez daitezela protagonistegiak izan… baina batez ere, ez dezatela mutilen jarduna gehiegi oztopatu. “Normaltasuna” hori dela. “Normala izango da agian, baina hori ez da naturala” pentsatu du Laurak berekiko. Oinez dakienari, oin-puntetan ibili behar duela esango baliote bezala.

Jada ikasgelan, ariketek ere hitz egiten badakitela ikasi du Laurak. Buruketak, adibidez. Bertan azaltzen diren gizonezkoak ongi definituak daude: gizonezko banketxeko langilea, 2 seme-alaben aita, kirolzalea, ostiraleroko kuadrilako afarian kontuak eramaten dituena…

Emakumezkoa berriz, soilik “sagarrak erostera dijoan emakumea” da. Abstrakzio horretan definitua gelditzen da emakumea.

Ikastetxetik irtendakoan, bizitzaren eskolan ikasten jarraitu du Laurak. Eta ingeleseko akademian, errieta egin diote letra baldarrez idazteagatik, ”ohiko neska batek izan behar duen letra txukunik ez daukalako”. Eta bere burua gehiago estutu behar duela esan dio gizonezko maisuak, “zuzentasuna, ardura eta exijentzia” nesken bertuteak baitira.

Geroago baina,berak baino askoz letra txarragoa duen ondoko mutilarekin barrez harrapatu du irakasle bera. Irakasleak, maitekiro kolpatu dio bizkarra mutilari, “Mikel, zu medikua izango zara” esan; eta alde egin du.

Etxean jada, eskolako lan amaitezinetan murgildurik, aita eta ama berriketan somatu ditu egongelan. Ama negar-zotinka ari da. “Kristalezko sabaia” eta “enpresa madarikatua” entzun dizkio soilik, eta ez du ezer ulertu. Lantokian, kristalezko sabai batek ederra eta polita izan behar duela otu zaio Laurari.

Oheratu denean, ikastetxean soilik ikasgaiak ikasten diren galdetu dio bere buruari. Bertan jasotzen dituen erantzun ziurrek, bera are eta ziurgabetasun handiagoz jokatzera eramaten dutela konturatu da. Eta kontraesanak, besteen esanei kontra eginda gainditzen direla.

Heziketak, hazi egin behar baitu.

Baina heziketak, batez ere, (aniztasunaren eta parekidetasunaren) hazi izan behar du.