Gogoratzen nauzuenetan

Gatibuak

Idazlea/Escritora: Alexander Martínez Iturria

Ilustratzailea/Ilustradora: Erika Valero Alzaga

Futbol zelaitik aldagelara burumakur doa Joseba. Oinak lurretik altxatzeko indarrik gabe dabil, kideen kezka eta harridura begiraden zama sumaturik. Zeren bere altura eta sorbalda zabalarekin kontrakoa dirudien arren gizon alai eta lasaia da Joseba, edozein arazo broma batekin estaltzeko gai den horietarikoa. Agian horregatik sarrera gogor baten ondoren taldekideari emandako ostikoa ez zuen inork espero.

Zelaiaren zalaparta atzean geratu da jada, isiltasuna da nagusi aldagelan. Ez Josebaren buruan. Zeozer iluna nabari du gatibu, negar egiteko gogoak haziz doaz bere barnean. Baina inork ez dio negar egiten irakatsi. Mututako garrasi bat atera da bere eztarritik, amorruak ostiko bat jo dio ateari. Ur hotzarekin saiatu da sentimendu guzti hauek apaltzen, desagerrarazten, inoiz berriro azaleratuko ez diren leku batean ezkutatzen. Baina dardarka dago dutxaren azpian, ezinegona nabari du bere barrenean, urdailean ehunka tximeleta dauzka kanpora atera nahian.

Tximeleten irudiak lasaitu egin du istant batez, zuhaitz handi baten barnean ikusi ditu dantzan. Beraien hegaldia jarraituz 15 urte atzera egin ditu Josebak, ikastolako pupitrera eraman dute beste behin, bere irakaslearen ahotsa garbi ailegatzen da bere belarrietara. “Gaur modu berezi batean amaitu nahi nuke klasea, nik neuk idatzitako ipuin bat konpartitu nahi dut zuekin.

Pandorako lurralde urrunean bada Teku izeneko arbola. Egun osoko ibilaldia behar da enborrari itzulia emateko eta bere azken adarrak hodeiak orrazteko gai dira. Udako egun beroetan bere hosto xaloek Tekuko herritarrei itzala ematen diete, eta neguko gau luzeetan ezkur gozoak. Bertan zizare, labezomorro eta sugeak aurki daitezke, baina pinpilinpauxak dira jaun eta jabe. Beste animaliatxoak egunero zuhaitzetik kanpora doazen bitartean janari bila pinpilinpauxek Teku barruan geratzea besterik ez dute sitsak erasoan badatoz hegan hasi eta beraien kolore argitsuekin hauek uxatzeko.

Arbolaren funtzionamendua egokia dela dirudi, denek dute jatekoa eta denak bizi dira seguru. Txingurri, armiarma eta matxinsaltoak konforme daude egiturarekin, baina sugandilek adibidez aspaldian erakutsi zuten beraien desadostasuna. Ez dute gogoko beti janari bila joan behar izatea, eta beraien borrokan kilker, erle eta barraskiloak ere batu dituzte. Pinpilinpauxek ordea ez diete eskaerei kasu handirik egiten, arazotik kanpo ikusten dute beraien burua. Azkenfinean erosoa da haien bizitza, nahiago dute ezer ez egin eta berdin jarraitu.

Baina badira hil aurretik bizitzaren gogoeta egiten duten tximeleta batzuk ere. Beraien egun guztiak zuhaitzean ezer egin gabe pasa ondoren damutu egiten dira erleekin lore koloretsuetan dantzan ibili ez izanaz, edota zapoekin ibaian euli bila, edota txingurriekin mendian exkursioan. Bizitzaren azkenean daudenean konturatzen dira ez direla sekulan zuhaitzetik atera, bizitza osoa igaro dutela preso.”

Ur hotza ixterakoan entzun ditu Josebak taldekideen pausuak lehenengo, beraien algarak gero. Bere nerabezaroko irudietariko bat izan da beti hura, bere irakaslea ipuina irakurtzen bukatu bezain pronto, klasearen aurrean negar egiteko kemena eduki zuen gizona. Ez zuen inoiz ulertu zergatia, baina orain argi ikus dezake hegan egin ezin duten tximeleta guztiak gutxika-gutxika hil egiten direla. Irakasleak aspaldian luzatutako eskuari heldu eta zutitzeko indarra aurkitu du.

Gelditu egin dira taldekideak aldagelan sartzerakoan, Joseba berriz ikustean, bere kristalezko begiradaz jabetzean. Denak zain geratu dira, mutu, honen erantzunaren zain. Ezer esan gabe ostikoa eman dion jokalariarengana zuzendu da. Lasai, pauso bakoitzean oinak poliki altxatuz, seguru. Honek, dudati, atzerapausoa eman du. Talde osoaren aurrean, Josebak burua altxatu eta inork inoiz entzun ez duen ahotsaz hasi zaio hizketan. “Sentitzen dut, sentitzen dut benetan. Ez da aitzaki, baina egun gogorrak dira niretzat. Ama… ama gaixo daukat ospitalean”. Ozen arnasa hartu du jarraitu aurretik, baina hitzak jada esfortzurik gabe atera dira bere ahotik. “Oso beldurtuta nago”.

Isiltasuna gailendu da aldagelan. Bare dagoen lakuan erortzen diren euri tantak bezala, takoen soinuak hautsi du azkenik isiltasuna, jokalariek Joseba gutxika-gutxika inguratzen duten bitartean. Azkenik, begiradak eskatutako besarkada itzuli dio kideak. Gogor estutu dira bi gizonak taldearen begiradapean.

Josebaren barrenean gatibu egondako ehunka malko hegaka egin dute ihes.