Gogoratzen nauzuenetan

Espagetiak

Idazlea/Escritora: Amaia Iriondo Aristondo

Ilustratzailea/Ilustradora: Maider Goikoetxea Calvo

Lortu du denborak nire barruko zein kanpoko zauriak sendatzea, lortu du beldurrari aurrez aurre begiratzeko kemena nigan piztea, lortu du aspaldiko emakume otzana askea bihurtzea eta bizitzak merezi duela berriz sentiaraztea. Denborak mantso osatu nau, berak ere behar izan ditu urteak: astunak, bakartiak eta ilunak, baina ekaitzik handiena ere baretzen da, nahiz eta inoiz ez ahaztu, eta zenbait arrastok gure barruan bizirik dirauten.

Biok bakarrik afaldu genuen ireki berri zuen jatetxean. Niretzat piztutako hirurogei kandelaren argitan antzeman nuen hurbiltzen zetorkidala maitasuna, niretzat aukeratutako musika xuxurlariaren erritmora sentitu nituen nire bihotz gaztearen taupadak dantzan. Biontzat egin zuen afaria: gaztaz eta albakaz egindako espageti lurrintsuak.

Belarritik eta ahotik, su eztian, enamoratu ninduen ni baino hamabi urte nagusiago zen gizon hark. Etorri handiko gizona zen Pedro, ibilia eta goxoa tratuan; ez zuen zerikusirik nire unibertsitateko lagunekin. Nik orduak eman nitzakeen bere jarduna entzuten. Jantzia zen unibertsitate bat inoiz zapaldu ez zuen arren, “ez dago munduan eskolarik jatetxe batek beste irakatsiko dizunik”. Horrelakoak sinetsita, sukaldean laguntzen hasi nintzaion, eta, handik gutxira, haren etxera eraman nuen lilurak gainezka egiten zuen maleta..

Beti izan naiz ikasle ona eta berehala ikasi nuen gustuz sukaldatzen. Pedrok, hain ondo moldatzen nintzela ikusita, beste eginkizun batzuetan ematen zuen eguna. Gero eta egun gehiagotan izaten nintzen sukaldeko erregina absolutua, goizetik gauera Pedroren aztarrenik edo deirik jaso gabe. Etxean izaten nuen espero: bion ohean, barruko arropa gero eta txikiagoekin erdi jantzita, haren laztanen zain. Askotan, baina, alboko gelan aurkitzen eta uzten nuen lo eguna zabaltzen zenean.

Beti izan naiz oso esanekoa eta jatetxera joaten nintzen azalpenik eskatu gabe. Gogotik egiten nuen lan, Pedro agertzen ez zen arren. Gauetan, haren laztanen zain egoten nintzen: biona izandako ohean, erabat biluzik.

Beti izan naiz oso inozoa eta pentsatzen nuen urak nik nahi nuen bidera bueltatuko zirela, bere adineko emakume dotore bat jatetxera ekarri zuen arte. Sukaldetik ikusi nituen: Pedro ardo botila garesti bat zabaltzen eta emakumea bere hitzetan mozkortzen. Emakumeari berandutu omen zitzaion eta Pedro nire erresuma koipetsura sartu zen nik espagetiak irakin bizian nituenean. Eskatu gabeko azalpenak entzun nahi nituen, ezin genuen horrela jarraitiu. Haserrre eta minduta hitz egin nion, gogor mintzatu nintzaion. Berak, ordea, ez zuen hitz erdirik ahotik atera, eta, ukabilak eta haginak ondo estututa, eutsi egin zion nire enbatari, bor-bor zeuden espagetien lapiko erraldoia nire buru gainean irauli zuen arte.

Egunak eman nituen ospitalean, erredurak sendatu bitartean. Lotsa eta errua egin nituen neure. Izan ere, kiskali ninduten espagetiek bihotza inguratu, eta lotu zidaten estu-estu, uzkurtuta uzti arte, inor maitatzeko ahalmena galduta, eta beldurrak agindutako bakardadera kondenatuta. Ordutik, orban luzangak eta gorrixkak gelditu zaizkit aurpegian, besoetan eta paparrean. Agerian. Ez didate minik egiten. Ohitu naiz,. baina ezin dut janari italiar lurrintsurik usaindu, are gutxiago gaztaz eta albakaz egindako espagetiak.