Gogoratzen nauzuenetan

Agian, beharbada

Idazlea/Escritora: Miren Usabiaga Artola

Ilustratzailea/Ilustradora: Lucía Calvo Sánchez

-Lortu du! -poztu zen Asun alegeratasuna gorputz-ariman ezin kabiturik zuela.

Pentsamenduak hilabete lehenago egin zion ihes, egunero bezala bizilagunaren txalet paretik pasatu zeneko momentura. Gustukoa zuen goizean goiz joan-jina egitea Lau atera behar zuen aitzakiarekin. Egun hartan ere goizeko frexkura aprobetxatuz golf zelairantz zuzendu zituen bere pausoak.

Tupustean garrasi eta kolpe hots latzek deitu zioten arreta. Emakumezkoa zen, zalantzarik gabe. Ez, ez, ez, mesedez, erregutzen zuen izuak aidean. Jarraian, zaplazteko lehor eta bortitz baten harrabotsa nagusitu zen. Nor edo nor lurrera. Kolpe garratza. Ez, ez, ez, mesedez, berriro ere. Beste kolpe bat, beste bat… Isiltasun gordina.

Bihotza uzkurtu eta hozmindurik oraindik ere, oinek automatikoki aurrera egin zuten berriki entzun eta bizitakoari uko egin nahian legez.

Handik bi egunera, ostera ere, egoera bera bizi zuen. Orduan ere oinek ihesari eman zioten errealitate krudela atzean utzi nahian. Itzultzean, Carmen ikusi zuen etxe pareko lorategian beharrean-edo. Agurtu egin zuen goxo, ia-ia maitekiro. Bizilagunak burua ozta-ozta altxa eta egun on entzungaitza itzuli zion aurpegia disimuluan ezkutatzen zuen bitartean.

Bi egun geroago, joaneko bidean, Asunen gorputz-arima astintzen zuten kolpe, negar eta ukazio mingotsak. Pasieraren bueltan, bizilagunaren arrastorik ez zegoela ikusita, amestutako ausardiaz baliatu zen poltsikoan prestatua zeukan oharra atera eta buzoian sartzeko: “Izugarri balio duzu. Ez duzu horrelakorik jasan behar. Bilatu irtenbide duina, Carmen. Zurekin nago.”

Bi egunetik behin errepikatu zen egoera bera hilabete osoan zehar: joateko bidean jasanezinezko bizipenak. Itzultzean aurre egiteko animo-oharrak: “Zu askoz ere gehiago zara. Borrokatu. Ez eman amore. Zurekin nago”.

Hilabetea igaro da lehen mezu hartatik eta Asunek, hutsik egin gabe, bi egunetik behin propio idatzitako animo-oharrak utzi dizkio Carmeni. Azkenean, gaur, goizeko zazpietan, bizilaguna iluntasuna eta maleta txiki bat lagun dituela etxetik alde egiten ikusi duenean, antzua ematen zuen borroka irabazi dutela aitortu dio Asunek bere buruari.

Logelaren bakardadean, parez pareko ispiluak irudi ahitu eta aldi berean zoriontsua itzuli dio Asuni. Pasiera baino lehen, egunero legez, makilajea hartu eta gaurkoan ezkerreko begian nabarmentzen hasi zaion ubeldua ezkutatzeari ekin dio.

Agerikoa gorde, isildu… ederki baitaki bihotzeko beltzuneak ez zaizkiola hain erraz estaliko. Hurrengo batean berak lortuko du. Agian, beharbada.