Gogoratzen nauzuenetan

Literatura eta kirola, indarkeria matxistaren kontra

Larunbatean indarkeriarik gabeko jendartea irudikatzeko bi egitasmo batuko dira Irunen. Literatura eta kirola izango dituzte ardatz. Eta lanabesak Oroitzen nauzuenetan liburua eta lasterka ibiltzeko zapatilak. 12:00etan, Carlos Blanco Aginaga udal liburutegian (CBA) Oroitzen nauzuenetan liburu ilustratuaren irakurketa musikatua egingo dute hainbat kirolarik; 17:00etan, ordea, Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) antolatutako Gabonetako Krosa egingo dute (lehenago haurren lasterketak daude): bertako izen emate bakoitza Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketa aurrera eraman ahal izateko bideratuko dute.

Bi ekitaldiak, hitzak, musika eta izerdia uztartuko dituztenak, gaur aurkeztu dituzte Txingudi Anti Sexistako (TAS) eta BATeko kideek. Indarkeria matxistaren kontrako elkartasun eguna izango da larunbatekoa Irunen.

Lehenik, liburuaren irakurketarekin, mezu argia helaraziko dute Irungo kirolariek, arpaz lagunduta. Argitalpenaren ipuin laburrekin esango dena da ez Irunen ez inon indarkeria matxistak ez duela tokirik. Arratsaldeko krosean, gaurko agerraldian TASeko kideek esan dutenez, eskuei eta bihotzei zangoak gehituko zaizkie, “lasterketa honek ipuin lehiaketa indarberrituko du. Eskerrik asko proiektuan sinistu eta inplikatzeagatik, eta etorkizuna idazteko egiteko honetan gurekin bat egiteagatik”.

BATeko ordezkariak pozik agertu dira TASekin egindako elkarlanagatik, “badugu Irungo jendearekin elkarlanean aritzeko gogoa. Eta Asun Casasola Ipuin Lehiaketa laguntzea ideia onuragarria iruditu zitzaigun. Gisa honetako iniziatibak lagundu behar dira, kirolaren munduak ere emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan lagundu behar duela uste dugu”.

Asun Casasola, Nagore Laffageren ama ere agerraldian egon da. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko indarrak bildu behar direla nabarmendu du, eta horren erakusle eman ditu TASen iniziatibak, Oroitzen nauzuenetan liburua, eta larunbaterako antolatu direnak. “Oso gustura nago TASek dituen ideiekin, eta horiek aurrera eramateko duten kemenarekin. Eskerrak besterik ezin ditut eman. Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu behar du indarkeria matxistari aurre egiteko borrokan”.

Berrira linka