Gogoratzen nauzuenetan

Elur bolaren efektuaz, berdintasunerantz

Asun Casasola Ipuin Lehiaketako hamahiru ipuin liburuan bildu ditu Txingudi Anti Sexistak, Gogoratzen nauzuenetan izenburupean. Bihar aurkeztuko dute liburua, 12:00etan, Irungo Txanaleta plazan dagoen Kunsthal diseinu eskolan. Aurkezpenean, liburuaren koordinatzaileak ez ezik, idazle eta ilustratzaileak izango dira.

Orain dela bi urte ekin zion TASek (Txingudi Anti Sexista) Asun Casasola Ipuin Lehiaketa antolatzeari. Taldeko kide Oihana Llorentek gogoratu duenez, plataformaren egitekoan jauzi bat suposatu zuen lehiaketa antolatzen hasteak. «Hasieran, eraso bat gertatzen zen aldiro kalera ateratzen ginen baina ez genuen bestelako ezer antolatzen», gogoratu du. Baina salaketa egitea nahikoa ez, eta beste urrats bat egitea erabaki zuten duela bi urte: «Hurrengo erasoari itxaron gabe, indarkeria matxistaren gaiari irudimenez erantzutea erabaki genuen, eta hor sortzen da Asun Casasola Ipuin Lehiaketa».

Asun Casasola izena zergatik jarri zioten, berriz, ondo gogoan du Llorentek: «Iruditzen zaigu izugarria izan dela Nagore Laffageren amak egin duen ekarpena bere alaba hil zutenetik».

Sormen ariketa batez Horrela, positiboan eragin nahian, eta literatura bitarteko, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko jendarte berri bat irudikatzeko ariketa plazaratu zuten TASekoek: «Liburu honek eman digu aukera beste aldea ikusteko. Ikusi ahal izateko zer ariketa pertsonal egin duten idazleek papera aurrean jarri eta jendarte eredu berri hori irudikatzeko. Guretzako hori gauza handia izan da, hori zelako helburua», dio Llorentek. «Salaketa egin behar da, noski, eta eraso bat dagoen bakoitzean kalera atera behar dugu eta gure haserrea erakutsi. Baina ezin gara horretara mugatu. Tresnak sortu behar ditugu, bitartekoak, gaia modu positiboan landu ahal izateko eta indarkeria matxista baztertzen joateko», gaineratu du.

Eta bihar aurkeztuko duten liburuak, hain zuzen, horixe izan nahi du, tresna, indarkeria matxistari aurre egiteko lanabesa. Horregatik TASek denen eskura jarri nahi du liburua. Eskoletan erabil dadin nahi dute, eta asmo horrekin hasiak dira lanean. Aurkezpenak ere egin asmo dituzte han eta hemen, eta Durangoko Azokara ere eramango dute, ezagutarazi asmoz. Asun Casasola Ipuin Lehiaketak oso harrera ona izan du sorreratik. Lehen urtean 100dik gora lan jaso zituen TASek, eta iaz, berriz, 400 ipuin baino gehiago. Erantzuna ikusita, bildutako lan horiei guztiei etekin handiago bat ateratzeko asmoz erabaki zuen plataforma antisexistak liburua kaleratzea. Nagore Lafagge, Isabel Manceo Balda

Ipuin Lehiaketaren harira, Isabel Mancebo Baldak sortutako ilustrazioa

Eta pentsatu eta egin. Gipuzkoako Foru Aldundiari horretarako propio diru laguntza eskatu eta baiezkoarekin ekin zioten lanari. Ipuinak hautatzea izan zen lehen egitekoa, guztira, hamahiru: zazpi euskaraz, eta sei gaztelaniaz, bi edizioetan bildutakoak. «Aukeraketa ez da batere erraza izan. Bi lehiaketetan epaimahaian aritu den lantaldearen laguntzaz hautatu ditugu», kontatu du Llorentek.

Baina berritasunik era bada, ipuin guztiak ilustratu dituztelako. «Erabaki genuen ipuin ilustratuak izan behar zutela, eta emakume ilustratzaileek margotu dituzte ipuinak». Luze jo du liburua osatzeko lanak, baina «auzolanean osatu» dutela kontatu du Llorentek, eta oso prozesu aberasgarria izan dela goraipatu: «Koordinatzen aritu garenok ez genuen mundu hau ezagutzen, baina laguntza handia izan dugu, maketaziorako, azalarekin, ilustratzaileek ekarpen handia egin dute… Polita izan da laguntzaile bakoitzak bere egin duelako proiektua». Eta horren adibide adierazgarri bat ere kontatu du: «Gure idazle bat Areatzakoa [Bizkaia] da, eta lehengo astean gurekin harremanetan jarri zen esateko lortu duela hilaren 27an Areatzan liburuaren irakurketa publiko bat egitea, 11:00etatik 15:00etara, udaletxean, bozgorailuetatik herri osoan entzungo dena».

Denon ekarpenaz, azken emaitzarekin oso pozik daude TASen: «Oso polita izan da bakoitzak ahal zuena eman duelako, eta azkenean elur bola baten efektua lortu dugulako».

Lehiaketan etena Liburua esku artean, horren zabalpenean jarri nahi du aurten TASek indarra, eta horregatik erabaki du datorren urterako ipuin lehiaketarik ez antolatzea. «Gure helburua da indarkeria matxistaren gainean lan egitea, kontzientziatzea. Aurten tresna hau sortu dugu eta bere zabalpenean jarri nahi dugu indarra», aurreratu du Llorentek.

Baina eten bat baino ez da izango. Ziurra da lehiaketa berriz ere antolatuko dutela, «berrindartuta eta birpentsatuta», eta akaso berritasun garrantzitsuekin. Bien bitartean, baina, TASeko kideak ez dira aspertuko. Nahikoa lan dute azken hilabeteotan hainbeste mimoz osatutako liburua zabaltzen, aurkezten, lantzen…

Nagore Laffageren oroitzapena, elur bolaren efektuaz eraginkor izan dadin, indarkeria matxistarik gabeko jendartea lortzeko bidean.

Berrira linka